Zientzia eta teknologia mahatsondoan eta ardoan?

Zalantzarik gabe. Zientzia eta teknologia mahatsondoan eta ardoan. Eta asko, gainera. Esan genezake jatorritik egon direla presente mahatsondoan eta ardoan. Aurrerapen txiki bakoitzean, mahatsondoa lantzeko edo ardoa beste modu batera egiteko aukera ematen zuen esperientzia bakoitzean. Jasotako ezagutzan eta krisialdiak gainditu ondoren garatutako tekniketan. Denboraren bidez hazkuntzarako moduetara eta egungo lanketara eraman gaituen ikaskuntza bakoitzean.

Ardoa egiteko deposituen bilakaera denborak aurrera egin ahala izan den bilakaera teknologikoaren adibide da. Erromatarren garaitik gaur egundaino, zenbait materialen deposituak erabili dira, hala nola zeramika edo buztina, zura eta hormigoia, bai eta altzairu herdoilgaitza ere. Ardoari zenbait ezaugarri ematen dizkieten zenbait material, baina hartzidura-prozesuko automatizazio- eta kontrol-mailan ere bereizten dira. Erromatarren sasoian erabiltzen ziren buztinezko tinetan, prozesu osoa eskuzkoa zen, eta, egungo altzairu herdoilgaitzezko puntako gordailuetan, berriz, prozesu osoa automatiza daiteke, betetzea, tenperatura kontrolatzea eta laginak hartzea, besteak beste.

Zientziak eta teknologiak mahatsondoan eta ardoan duten presentziaren beste adibide bat filoxeraren krisialdian izan zen. Filoxera landare-zorri txiki bat da; Europako mahatsondoen sustraiei egiten die eraso (Vitis vinifera espeziea), eta haien gainbehera eragiten du, bai eta heriotza ere. XIX. mendearen bigarren erdialdera arte, Amerikan baino ez zegoen; bertan, Ameriketako mahatsondoak (Vitis berlandieri, Vitis rupestris edo Vitis riparia), Europako mahatsondoaren ahaideak, harekin batera bilakatu ziren eta ez zien bestelako arazorik eragiten. Baina, Amerikako kontinentetik inportatutako landareetan Europara iristean, mahastien zati handi bat suntsitzea ekarri zuen. Hondamen handiaren eta lan askoren ondoren, konponbidea aurkitu zuten: Amerikako mahatsondoen sustraiak jartzea Europako mahatsondo-landare berriei, filoxerarekiko erresistenteak direlako. Teknikoki landaketa-txertaketa esaten zaio horri.

Amaiera gabeko prozesua da. Etengabe dihardugu ikasten eta hobetzen.

Gaur egun, ehunka eta milaka ikertzailek lan egiten dute, egunero, munduko hainbat zokotan, mahatsondoa hobeto ezagutzeko eta haren hazkuntza jasangarriagoa egiteko, aldatzen doan giroari egokitzeko gai dena. Era berean, ardoen kalitatea hobetzen jarraitzeko eta pertsona-kopuru handiagorengana iristeko, baina efizientzia eta ingurunearekiko errespetua xede dituen prozesuaren bidez.

Adibide argi bat emango dizut.

Historiaren zenbait unetan eskualde jakin batean landatu diren mahatsondoaren barietateak ez dira beti berdinak izan; aldatzen joan dira, garai bakoitzeko gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-egoeraren arabera. Horrek esan nahi du duela 100 urte edo 500 urte landatzen ziren barietate asko landatzeari utzi zaiola. Hala ere, oraindik landareak aurki daitezke antzinako mahastietan edo dagoeneko mahastirik ez duten, baina, historiako beste une batean, mahastiak izan zituzten antzinako eremu batzuetan. Europako leku askotan, besteak beste, Nafarroan, desagertzeko arriskuan dauden barietateak berreskuratu eta kontserbatzen ari dira. Baina zergatik da garrantzitsua barietate-mota hori kontserbatzea eta berreskuratzea? Mahatsondoaren barietate bakoitza, berez, gene-multzo bakarra da. Horri baliabide fitogenetikoa esaten zaio. Hau da, barietate bakoitzak ezaugarri berezi batzuk ditu, eta haiek aukera ematen diote beste modu batera egiteko aurre estresari, hala nola muturreko klima-baldintzei edo izurri eta gaixotasunen erasoari. Barietate ugari izateak aukera ematen du zona bakoitzean zonako baldintza berezietara ondoen egokitzen dena landatzeko eta, hala, baliabideak optimizatu eta ingurunea errespetatzeko. Era berean, aukera ematen du klima-aldaketaren ondoriozko ingurumen-baldintza berrietara egokitu daitezkeen barietateak izateko eta, hala, hazkuntza babesteko. Gainera, barietate berriek aukera ematen dute produktu berriak egiteko eta, hala, ardo batez gozatu nahi duenarentzat eskuragarri dagoen eskaintza zabaltzeko.

Azken batean, zientzia eta teknologia beti izan dira eta beti izango dira presente bai mahastietan, bai upategietan, eta mahastiek gure paisaia osatzen jarrai dezaten laguntzen eta, katearen amaieran, kontsumitzaileok ardo batekin une on bat goza dezagun laguntzen.

Artikuluak eta argitalpenak

Efectos de las inundaciones del viñedo en la vinificación.pdf

Info