Mahatsondoaren landarea agerian

Mahatsondoaren landare bati hurbiletik begiratzen badiozu, zera galdetuko diozu, beharbada, zeure buruari: zuhaixka bat da? Edo arbola bat da?

Zuhaitz baten antzeko forma du, eta tamaina zuhaixka batena… Pentsa ezazu une batez, zer iritzi duzu? Ziurrenik, asko pentsatuta ere, ez duzu sekula imajinatuko benetan ez dela ez arbola bat, ez zuhaixka bat. Mahatsondoa liana bat da.

Lianak, nagusiki, luzeran hazten dira, eta, naturan, mahatsondoa arbolen enborretik gora hazten da, arbolen goiko alderantz, eguzki-argiaren bila. Denborak aurrera egin ahala eta basamahatsondoa (Vitis vinifera; azp.: sylvestris) otzanduta, gizakiok mahatsondo landua (Vitis vinifera; azp.: sativa) lortu dugu. Hura hazi eta lana errazteko, inaustean, gaur egun ikusten ditugun formak ematen dizkiegu, eta, hala, landareetan besoak, enborra eta, lurrean sakonduz gero, sustraiak ikus dakizkieke.

Sustraiek landarea lurrean finkatzen dute eta, haien bidez, lurretik nutrizio-elementuak eta garatzeko behar duen ura xurgatzen ditu. Gainera, erreserbako substantziak biltzeko balio dute.

 

Gainazalera irten eta igotzen jarraitzen badugu, enborra aurkituko dugu; haren lodiera areagotu egiten da, baina ez adinarekin proportzioan, arboletan gertatzen den bezala. Landareari eusten dio lurrean, eta sustraiak, izerdi-eroaleen sare konplexu baten bidez, landarearen goialdearekin komunikatzen ditu, eta bertan daude besoak; besoetan finkatzen dira aihenak, hostoz, kiribilez eta lorez beterik.

Besoen egitura aldatu egiten da landareari eman nahi diogun formaren arabera. Esaterako, ontzi itxuran eratzen badugu, 3 eta 5 bitartean izan ditzake, arbola txiki baten antzera, eta Royat kordoia eratu nahi badugu, berriz, bi beso baino ez ditu izango, oso ongi lerrokatuta.

Besoetan finkatuta dauden aihenetatik, hostoak, loreak eta kiribilak daude esekita. Hostoek zenbait forma eta kolore izan ditzakete, barietatearen arabera: handiagoak ala txikiagoak; biribilak edo ez hain biribilak; berde kolore distiratsuak, urdinxkak edo baita gorrixkak ere. Gainera, tamainaz eta kolorez aldatzen dira, garatzen doazen neurrian. Fotosintesia egiteko duten gaitasuna ere aldatu egiten da, landareak dituen premiei erantzuteko.

Loreak miraria gertatzen den tokiak dira. Udaberriro agertzen dira eta, polinizazioaren ondoren, pistiloa (hala esaten zaio landareen obarioari) handitu egiten da, eta, ondoren, mahats-pikorra sortzen da.

Kiribilak infloreszentzia antzuak dira; hostoen lotuneen aurkako lekuan eta kimuen gunerik gorenetan jaiotzen dira. Mahatsondo-enborrak euskarria badu, kiribilak erabiltzen ditu eusteko.