Ba al duzu ardoa egiteko behar dena?

Ardoa egingo dugu. Eta, horretarako, mahatsaz eta legamiaz gainera, tresnak ere behar ditugu. Enozentrumen bazaude, antzina erabiltzen ziren makinak ikusiko ditugu, eta, haien gainean dagoen pantailara begiratzen baduzu, tresna berdinak, baina gaur egun. Eta bertan ez bazaude, jarraitu irakurtzen…

 

Eta zatoz nirekin upategira. Ikusiko dugu behar ditugun tresnak zure etxeko despentsan edo garajean sartzen diren.

Atera papera eta arkatza edo mugikorreko oharrak, eta idatzi. Honako hauek behar dituzu:

  • Txortena kentzeko makina zanpatzailea
  • Prentsa bat
  • Deposituak
  • Iragazkiak
  • Botilaratzeko makina bat

Hori gutxienez, eta funtsezkoena aipatzearren. “Ezin zaio ezeri uko egin? Nire garajea ez da oso handia, eta nire despentsa oso txikia da”.

Beno, ea. Ekar ditzagun gogora aukerak.

Txortena kentzeko makina zanpatzaileak mahats-pikorrak txortenetik bereizteko balio digu, hau da, euskarri duten alde berdetik. Eskuz egin genezake, baina mahatsak hartzitzen amaituko luke depositura ere iritsi gabe, denbora gehiegi beharko genukeelako. Egin gabe ere utzi genezake. Ardoa txortenarekin egin. Batzuek hala egiten dute. Baina, jakina, ez espazioa aurreztearren, baizik eta txortenak ardoari ezaugarri berezi batzuk emateko. Beraz, hari uko egin nahi badiozu, aukera bakarra beratze karbonikoko ardo bat egitea duzu.

Txortena kentzeko makina zanpatzailearekin pikorrak txortenetik bereizten ditugu, eta prentsarekin, berriz, alde solidoak (azala eta haziak) likidoetatik (ardo bilakatuko den muztioa) banatzen ditugu. Ardo beltza egin nahi baduzu, hura gabe molda zintezke; izan ere, hartzidura azalarekin eta haziekin egiten da. Ez dituzu zertan alde solidoak bereizi. Eta, amaitzen denean, muztioa haietatik bereizten da, grabitatearen ondorioz (solidoa goian geratzen da eta likidoa, behean). Ea, ardo gehiago izan nahi baduzu, patsa zanpa dezakezu hartziduraren ondoren, daukaten likidoa ateratzeko, eta prentsako ardoa delakoa lortzen da. Baina, hura egiteko, prentsa bat beharko duzu… Baina, ardo zuri bat egin nahi baduzu… Orduan ez duzu ihesbiderik. Izan ere, oro har, zuriak azalik eta hazirik gabe egiten dira… Beraz, muztioa prentsa batekin bereizi behar duzu. Baina kontuan izan, aplikatzen duzun presioaren arabera, ardo-kalitateak desberdinak izango direla.

Zerrendako hurrengo elementua ezinbestekoa da, edozein kasutan: deposituak. Ontzi bat behar duzu, nahi ala ez, muztioa sartzeko, edo muztioaren eta patsaren nahasketa sartzeko, hartzidurarako (beno, egia esan, hartzidurarako, biltegiratzeko…). Kontuan izan, hartziduran, tenperatura kontrolatu beharko duzula; izan ere, zuri gertatzen zaizun bezala, legamiak ez daude eroso muturreko tenperaturetan, eta lan egiteari utziko diote. Alegia, ez dute azukrea alkohol bilakatuko eta, ondorioz, ez duzu ardorik lortuko. Gogoan izan honako hau: oso garrantzitsua da ardoa egiteko baliatzen duzun espazioa aireztatzea. Legamiek karbono dioxidoa botatzen dute hartziduran, eta hark oxigenoa airetik desplazatzen du. Hura nahiko arriskutsua da, imajina dezakezunez… Beraz, kontuz.

“Bada, badugu ardoa! Beharbada, ez dugu bestea beharko, ezta?”.

Beno… Zer nahi dugun, hura beharko dugu.

Garbi eta zikinkeriarik gabe ikusten den ardoa nahi duzu? Edo ez dizu axola uher badago? Ardo garbia nahi baduzu, onena da iragazkiak erabiltzea; izan ere, hartzidura-prozesutik irten berri, ardoak itxura uherra du eta ez oso atsegina. Eta, iragazkien bidez, itxura hobea lortzen dugu. Batzuetan, beste tratamendu batzuekin esku hartu behar dugu, hala nola gardentzearekin, edo egonkortze-prozesuekin, hotzaren bidez, aukera ematen baitute hauspeatzearen bidez “tartaro” izeneko gatz batzuk ateratzeko, ez baita halakorik nahi izaten kalitateko produktu baterako; ardoa tenperatura baxuetan jartzean, kristaldu eta sedimentatu egiten dira eta, ardoa gordailuen artean mugitzean, ezabatu egin daitezke. Baina horretarako espazio gehiago behar da…

“Eta, botilaratzeko makina? Ezin dut eskuz botilaratu?”.

Bai, jakina. Eskuz botilara dezakezu. Baina, kasu horretan ere, kontuan izan beharko da zenbat litro nahi dituzun. Botila asko ala gutxi dira? Kontuan izan behar duzu kontua ez dela soilik ardoa botilan jartzea, botilei kortxoa jartzen zaiela ere hartu behar da gogoan; etiketa eta kontraetiketa jartzen zaizkie, kapsularekin apaindu eta kutxetan sartzen dira. Baldin eta kutxetan salduko badira. Baina, gainera, botilaratzeko orduan, zenbait kontu izan behar dira gogoan: zer unetan egiten den, giro-tenperatura zein den, botilan geratzen den oxigeno-kopurua ahal den neurrian murriztea eta kopuru egokiarekin betetzea, kontserbazioan hondatzerik gerta ez dadin. 

Beraz, ikusten duzunez, tresnak behar dira. Baina, ekoizpen-bolumenaren eta ardoetan lortu nahi duzun kalitatearen arabera, guztiak beharko dituzu ala ez. Eta gogoan izan beharko duzu, era berean, etxabean edo despentsan sartzen zaizkizun.