Mahastiko bizilagunak

Benetan uste zenuen mahasti batean mahatsondo-landareak baino ez daudela? Enozentrumen bazaude, begiratu aurrean duzun panelari, eta ikusiko duzu mahasti batean mahatsondo-landareak ekosistemaren parte bat baino ez direla. Eta bertan ez bazaude, jarraitu irakurtzen…

Eta zatoz nirekin mahastitik paseatzera. Adi egon behar duzu, begiak eta belarriak ongi ireki eta ahalik eta zarata gutxien egin. Bagoaz?

Sartu egingo gara, astiro, eta arreta deituko dizun lehen gauza mahatsondo-landareak izango dira. Normala da, haiek dira eta protagonistak. Eta, hala izanik, aurrean duzun espazioaren erdian altxatzen dira. Baina jarrai dezagun aurrera, ez gaitzala haien liraintasunak itsutu.

“Hara! Mahatsondo-enborren artean belarra dago eta!”. Bai. Hala da. Beti ez da hor uzten. Askotan kendu egiten da. Baina mahastiaren ezaugarriek horretarako aukera ematen badute, lurra belarrez estalita izateak (teknikoki, “landare-estalkiak uztea”) hobeto zaintzen laguntzen du eta, gainera, elikagaiak eta babeslekua ematen dizkie beste izaki askori, besteak beste, intsektuei edo beste handiago batzuei ere, hala nola erbiei.

“Baina zer interes dauka elikagaiak eta babeslekua emateak zomorroei? Helburua ez da, bada, landareak zaintzea?”. Jakina. Baina ez ahaztu: mahasti bat ekosistema bat da. Eta, hala izanik, bertan bizi diren izakien arteko harreman ugariak ditu oinarri, eta, beraz, izaki batzuk beste batzuez elikatzen dira. Jan edo parasitatu egiten dituzte.

Begira, makurtu, kontuz, ikaratu ez ditzagun. Ikusten duzu marigorri hori? Begiratu, zenbait landare-zorri dituen landare horretara hurbiltzen ari da. Bat hartu du eta jaten ari da! Begiratu nola jaten ari den. Landare-zorri horrek, dagoeneko, ezingo die gure mahatsondo-landareei eraso egin. Ikusten duzu orain zertaz ari naizen? Landare-zorriaren populazioa kontrolatzen duen beste izakirik ez balego, populazio-kopurua oso altua izan liteke eta landareentzako kaltegarria izango litzateke. Izan ere, landare-zorriek landareen izerdia xurgatu eta ahuldu egiten dituzte.

Paseoarekin jarraitzen dugun bitartean, mahatsondo-hostoen artean zerbaitek atentzioa eman dizu; “habia bat ematen du?". Bai! Txori baten habia bat da. Hostoek babestu egiten dute eguzkitik edo beste izaki batzuen erasotik. Landareak txoria babesten du, baina txoriak landarea ere babestu du; izan ere, hegazti asko intsektuz elikatzen da.

Eta intsektu batzuek mahats-mordoak erabiltzen dituzte hazteko. Begiratu mahats-pikor honi. Ikusten duzu zulotxo bat bertan? Arrautzak mahatsean erruten dituen sits baten larba irteteko zuloa da. Mahatsondoaren sitsa dela esan ohi dugu. Eta arazotsua da; izan ere, zulo horretatik, onddoak sar daitezke eta, azkenean, mahats-mordoak usteldu.

Baina lasai, ez larritu behar baino lehen. Ez eman mahats-mordoa dagoeneko galdutzat.

Izan ere, onddoak ez dira edozein egoeratan hazten. Garatzeko ingurumen-baldintza egokiak behar dituzte. Eta, dakizun bezala, baldintza nagusietako bat hezetasuna da. Ingurumen-hezetasunik ez badago edo mahats-mordoak behar bezala aireztatuta uzten baditugu eta inguruko landaredia kontrolatuta, lehenago lehortzeko, onddoak ez du zereginik izango.

Ikus dezakezunez, mahastian egiten ditugun jarduketek ere beste izaki batzuk egotea baldintzatzen dute, eta, hala, mugatu egiten dituzte edo ugaltzeko bide ematen dute.

Paseoan segi genezake eta, beharbada, birosi-sintomak dituzten landareak ikus genitzake. Bai, bai… landareei ere egiten diete eraso birusek. Birusak, mahatsondoaren kasuan, nematodoen edo intsektuen bidez kutsatzen dira. Eltxoek pertsonei zizta egitean batzuetan zenbait gaixotasun kutsatzen dizkieten bezala. Eta gizakiok birus batek eraso egiten digunean ahultzen garen bezala, landareak ere ahuldu egiten dira.

Mahasti batean, beraz, ez daude soilik mahatsondo-landareak, ikusten duzu?

Orain, irudimenezko mahasti honetatik irtetera eta Enozentrumera mahatsondoen bizilagun gehiago ezagutzera gonbidatzen zaitut. Ez! Hurbildu zaitez hobeto mahasti batera, eta ezagutu zuk zeuk, aurrez aurre!

Baina, gogoratu: sartu astiro eta erne.